Ayuntamiento de Hondarribia

2014/12/21

Hiria

Hiria

Victor Hugok, Pirinioak bidai liburuan, honela deskribatu zuen Hondarribia: "urrezko herri baten silueta, kanpandorre zorrotzekoa, golko urdin baten atzean, eremu handi batean". Zenbait urte lehenago, lehen Karlistadan zehar, Stendhal izan zen Hondarribian; memories de un turiste idatzian jasota geratu zen bisitaldi hori. Bidaiari eta idazle askok aipatu dute Hondarribia beren egunkari eta gidetan, eta askotariko ikuspegiak adierazi dituzte; adibidez, erromantikoek kutsu arabiarrak ikusi zituzten Hondarribiko harresi eta jauregietan, eta kostrunbristek edo errealistek -esate baterako, Pio Barojak- berriz, arrantzale herri xume bat eta harresiz inguratutako hiri goibela. Edonola ere, Hondarribiak ez du inor epel uzten.

Hondarribia euskal kostaldeko hiria da eta Bidasoa ibaiaren bokalean dago. Oso komunikazio onak ditu; izan ere, aireportua izateaz gain, Irungo nazioarteko tren geltokia du kilometro gutxitara, baita Europako gainerako lekuekin komunikatzen duen errepide sare ona ere. Klima atlantikoa du; beraz, gozoak dira neguak eta udak. Horren ondorioz, eta hotel eta kirol azpiegitura bikainak dituenez, oso hiri erakargarria da turistentzat. XIX. mendearen amaieran, udatiarren kolonia handi bat kokatu zen gure hirian, eta horrek arkitektura eta hirigintza baldintzatu zituen.

Zabalguneak egin ziren, eta, horietan, txaletak eta urbanizazioak eraiki zituzten, oso modu ordenatuan; horri esker, Hondarribiaren itxura aldatu egin zen. 16.000 biztanle baino gehiago daude Hondarribian, eta ezaugarri desberdineko zenbait auzotan bizi dira; esaterako, auzo zaharrean, marinel auzoan eta Jazkibel mendiaren hegalean (hor, sakabanatuta daude baserriak). Udan, berriz, 40.000 pertsona baino gehiago daude, eta horrek asko dinamizatzen du gure herria. Kultur eta kirol jarduera ugari egiten dira, eta horrek, Hondarribiko jai ospetsuekin batera, are erakargarriagoa egin du herria bisitariarentzat.

Ekonomia zerbitzukoa da, batik bat. Arrantza garrantzi handikoa da, oraindik ere, hondarribiarren eguneroko zereginetan. Arrantzari eta familiar motako nekazaritzari esker, oso eskaintza gastronomiko aberatsa eta askotarikoa dugu, gure sukaldaritzaren erakusgarria.
Kultur eta arte ondare handia dago Hondarribian, historia aberatsaren lekuko, eta bisitari ugari hurbiltzen dira hura ikustera. Horrez gain, Euskadiko gotorleku bakarretakoa da. Garai bateko harresi gehienek zutik irauten dute, eta, horrez gain, haiek berritzeko prozesua etengabea da. Fisonomia berezia ematen diote harresiek Hondarribiari; iragan epikoa gogorarazi eta beste garai bateko usainez, zaporez eta soinuz betetzen dute bazter, kalezulo eta plaza bakoitza.

Hondarribia beti zure zai!
¡Hondarribia te espera!

Argazkia: Hondarribia 1845 Blanche Hennebutte


© Ayuntamiento de Hondarribia, 2009 · Kale Nagusia 20 · 20280 Hondarribia · Email: udala@hondarribia.org · Telf.: 943 11 12 13 | Fax: 943 11 12 50

gipuzkoa.net